Archive for the ‘b. Zentsura’ category

Felipe L. Aranguren soziologoarekin elkarrizketa (gazt)

maiatza 14, 2012

Felipe L. Aranguren soziologoa eta poeta da. “Mecanica del muro” dokumentaleko elkarrizketa honetan azaltzen digu telebistak gizartean jokatzen duen rola, ideologiak eta iritziak sortzeko duen ahalmena, telezaborraren erabilpena zein den, alienazioa zer den eta gaur eguneko gizartea ulertzeko beste hainbat gai interesgarri.

Advertisements

Zentsura, Victor Alexandre.

abuztua 21, 2011

Ez dira desberdinak Kataluniako komunikabideek duten egoera eta herrialdea sartua den kale itsua. «Orain ari da irteten Francok prestatu zuen guztia. Orain ari dira jorratzen hark marrazturiko jarduera ildoak». Esaldi hori ez da nirea. Joan Brossa poeta eta antzerkigileak esan zidan, 1998ko urriaren 7an, hil baino bi hilabete lehenago, eta nire Yo no soy español (Ni ez naiz espainola) liburuaren amaieran jarri nuen, iragarlea iruditu baitzitzaidan. Hala, bada, hamahiru urteren buruan, Kataluniaren autogobernurako ateak itxita daude, oraindik ere. Baina, horrez gainera, argi geratu da Espainiaren arbuio erraietakoa, nire herrialdearen eskubide nazionalak direla-eta, hala nola arbuiatu zuten bere garaian Euskadin Juan Jose Ibarretxeren ahalegin herabea. Errealitatetik ezinago bazterrean bizi beharra dago ez ohartzeko zeharo espainoldu dela Katalunia, hiruko gobernuaren zazpi urteko aldiaren ondorioz —CiUk orain hurrengo hauteskundeetan garaitu izana, berriz, aurkariaren demerituari zor zaio norbere merituei bainoago—; eta horrek erakusten du, ezinago garden, herri baten kolonizazioan eginkizun erabakigarria duela hango klase buruzagien arteko kolaborazionismoak. Eta Kataluniako klase buruzagiak oso kolaborazionistak dira; oinarri-oinarrian, bizitzak hainbat botere gunetan jarrarazi dituen pertsonek inolako eskrupulorik gabe umiliatu ohi dutelako beren herrialdea, norberaren edo taldearen onuraren baten truke. Halako konturik, baina, ezin esan liteke.

Eta zergatik ez?, pentsatuko du norbaitek. Ba al da zentsurarik, gaur egun, Katalunian? Ba al da adierazpen askatasuna mugatzen duen arau ikusezinik? Bada, erantzuna baiezkoa da. Ez alor guztietan, jakina, baina zentsura existitzen da. Batik bat gobernuaren komunikabideetan. Euskal Herrian ere, ETB Alderdi Sozialistaren esku dagoenetik ETB espainoldu egin dela eta, beste horrenbeste gertatzen da. Besterik da arlo pribatua, zeinean salbuespenak baitaude, hala katalanen nola euskaldunen artean, eta BERRIA da horren erakusgarri bat. Baina komunikabide publikoetan, eguneroko ogia da zentsura, denik eta sotilena izanda ere. Hitzaren zentsura dago, pentsamenduaren zentsura dago, eta ahots deseroso eta intsumisoen zentsura dago, horien guztien baturak autozentsura ekar dezan emaitza gisa, horixe izaki zentsura formarik makurrena, eta pentsamendu eta mintzaira politikoki zuzenak ditu adierazpide. Disidenteak berak ere bere burua zentsuratzen badu, nork identifikatu ahalko du zentsuratzailea?

Esan daiteke gaur egungo zentsurak garro itxuraz atseginak dituela, eta, horien kontra —horrexegatik, hain zuzen ere—, ez dugu inolako babes mekanismorik aktibatzen. Egia da nahikoa dugula jakitea zer kapital eta zer ideologia politiko dagoen irrati edo telebista kate baten nahiz egunkari handi baten atzean —erredaktore katalanak edo euskaldunak edukiagatik, hispanozentrikoa izan baitaiteke—, igartzeko zein ikuspegitatik jorratuko dituen zenbait albiste. Hori, ordea, izozmendiaren erpina baino ez da, edo errealitatea sinplifikatzea. Honetan dago benetako amarrua: hain gabiltza lanpetuta kontrolatu nahian zein komunikabidek ez duen esan ez dakit zer, non ez baikara konturatzen esan duen hark zer-nola esan duen. Izan ere, %90etan, manipulazioak ez dio erasaten esan den zer horri, baizik eta zer-nola-ri.

Hala ere, ongi bereizi beharko litzateke zer den albiste bat eta zer den iritzi bat, jende askok nahasi egiten baititu; izan ere, manipulazioa ez da gertatzen iritzi batean, itxura batean emango lukeenez, baizik eta albiste batean. Iritzi batek, azken batean —denik eta polemikoena edo bitxiena izanda ere—, egile bat baitu, eta hura da haren erantzule, eta, hari aurka egiteko, urruntze osagaiak erabili ahal dituzte irakurleek, entzuleek edo ikusleek. Albiste bati dagokionez, ez. Egia da egunkari bateko edo irrati kate bateko erredaktoreak izenpetu egiten duela bere lana, kolaboratzaile batek bere iritzia ematen duenean bezalaxe. Alde bat badago, ordea: erredaktorearen lana —albistea— ez baitugu jasotzen egintza bati buruzko ikuspegi pertsonal gisa, baizik eta albiste komunikabide baten ikuspegi ustez neutro gisa. Ulertzeko moduan esanda: albisteak irakurtzen edo entzuten ditugunean, ez ditugu hautematen haiek erredaktatu dituenaren izen-abizenak, albiste agentzietan albistea iturrian bertan landu duten kazetariek ere bai baitituzte izen-abizenak. Eta, hara non, hain zuzen ere, angelu horrexetatik sartzen diguten golik gehien. Horixe ikusten dugu, esate baterako, nazionalista hitzaren erabileran, zeina indar katalanistak edo baskistak definitzeko erabiltzen baitute, baina sekula ez espainolistak: besteak beste, PP, PSOE, UPN edo UPDkoak. Hala, bere burua nazional-espainoltzat ez daukan oro nazionalista delako ideia hedaraziz, behin eta berriro, taldearen inkontzientea manipulatzea lortzen da, taldeari onarrarazteraino nazionalismoa dela Kataluniaren edo Euskal Herriaren eskubide nazionalak eskatzea, eta, aldiz, egintza natural bat dela Espainiako Nazioa inposatzea. Bestela esanda: nork bere burua katalantzat edo euskalduntzat edukitzea nazionalismoaren sinonimo da, besterik gabe; nork bere burua espainoltzat edukitzea, ordea, normaltasunaren sinonimo. Hortik aurrera dena da zilegi, pentsamolde halakoa buru-jate sakon bezain misteriotsu batetik baitator, eta, hain zuzen ere, hautematen ez dugulako, gatibu ez ezik, hedatzaile eraginkor bihurtzen gaitu. Eta makurrena da, lehen ere esana dugunez, ez direla Espainiako komunikabideak gure gogoen manipulatzaile nagusiak, baizik eta komunikabide publiko katalanak eta euskaldunak.

(Victor Alexandre kazetaria eta idazlea da)

Berrian jasoa

EITBren alderdikeriari buruzko ikerketa interesgarria (Izar Mendiguren)

apirila 1, 2011

EITBren politikan alderdikeria dela nagusi frogatu du ikerketa batek (berria)

LABek salatu du EITBko albistegietan ez dela berdina lurralde eta subjektu politikoen trataera

Izar Mendiguren ( Bilbo)

Bilbon aurkeztu zuten Martxoaren 28an Aztikerrek, LABek eta Ipar Hegoa fundazioak egindako ikerketa. / MARISOL RAMIREZ / ARP.

EITBren komunikazio ereduak ez du errealitatea islatzen Aztikerrek, LABek eta Ipar Hegoa fundazioak egindako ikerketa baten arabera. «Ikerketan ageri denez, denbora banatzeko irizpideek ez dute zerikusirik interes informatiboarekin eta pluraltasunarekin», dio LABek. Irailetik abendura bitartean, ETB1, ETB2, Euskadi Irratia eta Radio Euskadi kateetako 28 albistegi aztertu dituzte. Guztira, 1.065 albiste.

Azterketaren arabera, hamar albistetatik hiru kiroletakoak dira; %29, hain zuzen ere. Gehienek futbola dute hizpide. «Kirolari eskainitako albiste kopurua politikari eta ekonomiari batera eskainitakoa beste da», azpimarratu du Arantza Sarasola LABeko Zerbitzu publikoen federazioko arduradunak.

Gaineratu duenez, gizartea entretenitzea da EITB taldeak egiten duen apustu informatiboa: «Guztia ondo doa eta Hemen ez da ezer gertatzen lelopean albistegiak gehiago dira denbora-pasarako informatzeko baino». Euskal Herria ezabatze horren adibidetzat du Sarasolak: «Ez da kasualitatea albisteetatik ezabatu duten lehen gauza Euskal Herria izana lurralde gisa», adierazi du.

EAE. Hori da titulua eta abisteetan maizen agertzen den kontzeptua. Alabaina, Espainia da EAEren atzean gordetzen den erreferentzia inplizitu nagusia, LABen arabera. «EAEko eta Nafarroako autonomia estatu osoarekin homologatu nahi dituzte, eta Espainiaren eremuan modu eztabaidaezinean errotu». Nabarmendu dutenez, Euskal Herria kontzeptuaren erabiltzaile nagusia Euskadi Irratia da.

Esparru autonomikoa indartu nahiak ondorio bat islatzen du, Sarasolaren iritziz: identitate nazional espainiarra indartzeko estrategia izatea. Horretarako hizkuntza inplizitua erabiltzea egotzi dio EITBri, Espainiako sinboloen eta irudien erabilera, esaterako. Izan ere, ETBn ageri diren irudien %51,4 Espainiakoak dira, eta %37,7 EAEkoak. «ETBko albistegietan bistaratzen diren banderen %77,5 Espainiakoak dira, %11,3 ikurrinak, eta %4,2 ikurrina eta espainiarra batera», jakinarazi du.

Naziotasuna ukatzeko tresna

Eguraldiaren mapan ez ezik, Euskal Herriaren ikusezintasun politikoarekin, errealitatea ukatzen ari da EITB, LABen ustez. Izan ere, Nafarroak %6,2ko presentzia du albistegietako tituluetan, eta Ipar Euskal Herriak %1,2 baino ez. Espainiako Estatuarekin zerikusia duten albisteak tituluen %16,8 dira. «ETB2n, %21,3raino igotzen da», nabarmendu du.

Euskarari erreparatuta, telebistek ematen diotela tratamendu txarrena bistaratu du ikerketak. ETB2n, %57tan, ez dute uzten protagonistaren ahotsa euskaraz entzuten. «ETB1en adierazpenak gaztelaniaz izan arren, ahotsa %70,9tan uzten dute».

Sarasolaren esanetan, azterlanak agerian uzten du EITBren komunikazio ereduak errealitatea eta gizartea baztertu egiten dituela: «Sakrifikatu egiten da euskal komunikazio talde publikoaren balio erantsia izan beharko litzatekeena, eta barne tentsioak sortzen dituzte». Agintekeriaz jokatu izana eta langileen behin-behinekotasuna, mehatxuak eta zigorrak baliatu izana egotzi dio sindikatu abertzaleak EITBri.

Albiste bera Deia-n

Nork sutu duen EITB ezbaian, baina etxe hori sutan dago bai

azaroa 15, 2010

© cc-by-sa  Sustatu ¦ 2010-11-09 ¦ 08:56 ¦ hedabideak

Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak are gehiago nahastu du EITBren inguruko nahaspila, atzo argitaratutako elkarrizketa batean botatakoekin. EAJk ohar batekin erantzun zion Idigorasi atzo, eta gauez, komunikatu ofizialarekin EITBren zuzendaritzak erantzun zuen. Bide batez, guztiaren jatorrian dagoen bideoa publiko egitea erabaki du EITBko zuzendaritzak.

Jatorrian, Estatutuaren urteurrenaren inguruan kutsu politikoa zuen testu bat prestatu izana, eta huraxe erredaktore bati irakurriarazi nahi izatea dago. Horretaz informatu genuen Sustatun, baita ondoren izandako erreakzioez. Testu hura, azkenean, kontratu ez iraunkorra zuen pertsona batek irakurri zuen albistegirako. Irakurketari uko egin zion kazetaria, eta haren egoera salatu zuena, espedientatu egin zituztela zabaldu zen. Erreakzio gisa, langileek oharra kaleratu zuten, eta baita pankarten bidez protesta publikoa egin.

EITBko Zuzendaritzak, bideo eta testu hartan zertaz lotsatu ez dagoela erakusteko edo, publiko egin du bideoa atzo.

Polemika honek egindako bidean, atzo egun latza izan zen, batez ere ETBko zuzendari Miguel Angel Idigorasek elkarrizketa batean sekulakoak eta bi bota zituelako El Correo egunkarian. Badirudi ezker abertzale erradikalenak kontrolatzen duela EITB, bai lehen, eta bai orain.

Lehen:

Durante 30 años, en ETB se ha convivido gracias a un pacto de no agresión entre las direcciones nacionalistas y el mundo más radical de la plantilla. El PNV dirigía la televisión y, a cambio, la izquierda más radical, respaldada por ELA y LAB, campaba a sus anchas.

Orain:

Hay grandes profesionales. Pero parte de la plantilla la forma gente que no quiere el enfrentamiento, que mira para otro lado y da la callada por respuesta, mientras otro sector, instigado desde fuera y por propia ideología, no permite que nadie ejerza la dirección. Los más radicales tienen el control interno.

Kontrol ikaragarri horretan, nonbait, EAJkoen laguntza du kanpotik, alderdi horrek lagundu diolako sutea eragiten EITBren barruan dagoen nukleo erradikalari; horixe sinesten du Idigorasek.

Horren aurrean, oharra kaleratu zuen atzo arratsaldez EAJko Euzkadi Buru Batzarrak. Pasarte bat:

Gertakari multzo honek Euskal Telebista eraman du guztiz jasanezina den egoerara. Kudeaketa lanetik ateratzen diren datuak argiak dira. Gizartean ospe ona galdu dute eta urte betean ikus- entzuleriaren erdia baino gehiago galdu da. Datu hauek zalantzan jarri dute ETBren egitasmoaren bideragarritasuna eta atzera bueltarik ez duen egoerara eraman dute zuzenean edo zeharka Euskadiko 3000 famili hartzen dituen egitasmoa.

Eta ohar honen aurrean, EITBko zuzendaritzaren beste ohar bat, Idigorasen alde, EAJren kontra, eta sei puntu nabarmenduz.

  • Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariari bere babesa eskaini nahi dio berriro ere.
  • Gezurrezkotzat jo eta ukatu egiten du kazetari bati berak ez idatzitako tesu bat inposatu nahi izana.
  • Ukatu egiten du erabat, saileko buruaren irizipideak intentzionalitate politikoa izan zutela
  • Hartara, ika-mika sortu duen bideoa eitb.com-en zintzilikatzea erabaki du, ikusleek edukia balora dezaten.
  • Berriro ere azpimarratu nahi du erakundeekiko errespetu eta denfentsarekin duen konpromisoa, balore demokratiko eta etikoen aldeko erantzukizuna eta indarkeriaren biktimei arreta.
  • Azkenik, EITBn borroka eta jazarpen politikoa egitea helburu izanik Euskal Irrati Publikoaren irautea eta EITBko lanpostuak arriskuan jartzen dituztenak salatu nahi ditu

Ohar hau EITBko zenbait emanalditan eman dutela dirudi, adibidez gaur goizean Euskadi Irratian 8.30ak aldera.



Michael Moore: NBC TV Nationek albistea aldatu egin zuen Cuba ez goraipatzearren

urria 28, 2010

Democracy Now-n egindako elkarrizketaren zatia -gazteleraz azpititulatuta-. Bertan, M. Moorek Amy Goodmani kontatzen dio NBC TV nationen zentsuratu egin zutela, telebista horrek ez baitzuen esan nahi izan Cubak irabazi zuela zenbait herriren artean egindako “osasun olinpiadetan“.

Cubainformacionek moldatutako albistea:

Hau da Argentinan debekatu duten bideoa.

urria 21, 2010

Argentinako telebistak bideo hau emititzea debekatu zuen.  Zenbait forok hedatze-kateak hasi dituzte zentsurari aurre egiteko. Gu ere bertan ematen den informazioaren barreiatzaileak izango gara.

Pokémon zentsuratua.

ekaina 16, 2010

TELEBISTAREN ERAGIN FISIKOA

Telebistaren edukiak alde batera utzita, kontuan hartzeko modukoak dira pantailak emititzen dituen izpi, argi, soinu, kolore eta abar. Frogaturik dago giza-garunean izan dezaketen eragina kaltegarria ere izan daitekeela. Fotosentikor-epilepsiari buruzko pediatria-medikuntzako edozein liburu irakurri jakiteko telebista luzaroan ikusteak zer-nolako ondorioak izan ditzakeen.

Pokémon marrazki bizidunetako eszena honek hainbat epilepsia-atake eragin zituen Japoniako haurrengan. Antza denez, urdin eta gorri koloreen arteko aldaketa bizkorrak eragiten du atake hori. Zentsuratu egin zuten.