Isiltasunik ozenena, hedabideena (Edu Lartzanguren)

Erredakzioetan 2010. urtean «isildutako hamabi albiste» bildu ditu Kataluniako Media.cat taldeak txosten berezi batean, eta paperean argitaratu dute, Interneten jartzeaz gain.

Zentsura modernoaren tresna nagusia isiltasuna da. Hala ondorioztatu du kataluniako kazetari talde batek, eta erredakzioetan zakarrontzira botatako albisteak erreskatatzeari ekin dio. 2010ean albiste izan ez ziren hamabi berri urtekari batean bildu dituzte.

Ramon Barnils kazetari taldearen ekimena da urtekaria. Hedabideen jarduera behatzeko Media.cat gunea du taldeak, eta hainbat txosten argitaratzen dituzte han, hilero. Anuari media.cat. Els silencis mediàtics de 2010 «txosten berezia da, eta paperean argitaratu nahi izan dugu, Interneten jartzeaz gain», dio Humbert Roma taldeko kideak.

Hamabi gaietan jarri dute arreta: Katalunian etorkinentzako kartzela batean gertaturiko heriotza, eta Espainiako errege familia ustelkeria kasu batengatik ikertzen hasi direla. Hainbat herrialdetako enpresek Mendebaldeko Saharan dituzten negozioak agerian utzi dituzte, eta gazte anarkista bat errugabetzat jo zutela zabaldu, talde armatu bati laguntza ematea egotzi ondoren, taldea Poliziaren asmakizuna zela frogatu zutelako.

«Hamabi hausnarketa dira», dio Alex Gutierrez Escacc Kataluniako Kultura eta Komunikazio Guneko presidenteak, «horietatik abiatuta, pentsa dezakegu nola berritu hedabideak, ez daitezen aldendu kontrol demokratikoa gauzatzeko betebeharretik».

Roger Pala urtekariaren koordinatzaileak dioenez, Ameriketako Estatu Batuetako Project Censored taldeko lanean oinarritzen da Kataluniakoa. 1976. urtean Kaliforniako Sonoma Unibertsitatean sorturiko taldeak urtero argitaratu du zerrenda bat, «zentsuraturiko» 25 albisterik garrantzitsuenekin. Besteak beste, Noam Chomsky pentsalariak hartu du parte ekimenean.

Hona kataluniako txostenak jasotzen dituen albisteetako hiru.

1. Espainiako erregearen suhia ikertu dute

Enric Borrasek urtekarian azaldu duenez, Balear Uharteetako auzitegi bat Iñaki Urdangarin Espainiako erregearen suhiak zuzenduriko fundazio bati emaniko 1.200.000 euroko laguntza publikoa ikertzen hasi zen 2010ean.

Izan ere, dirutza hori jaso zuen Urdangarinen Instituto Noos fundazioak Balearretako kirol eta turismoaren inguruan kongresu bat antolatzeagatik 2005ean. Kongresuak asteburu bat baino ez zuen iraun, eta ustelkeriaren kontrako fiskalak eta epaileak ez zuten halako gastu handia justifikatzeko moduko fakturarik ikusi. Urdangarinek institutuaren presidentetza utzi zuen hurrengo urtean, eta erakundea bera desegin zuten gero. Fiskalak ez du Urdangarin salatu edo deklaratzera deitu, eta ikerketa, zabalik egon arren, geldituta dago.

2. Okupazioaren esplotazioa

Marokoko Gobernuak Aaiungo herritarren kontra 2010eko azaroan eginiko erasoan bi pertsona hil eta dozenaka zauritu eta atxilotu zituzten.

Espainiako Gobernuak oso erantzun ahula eman zion Mendebaldeko Saharako herritarren zapalketari, hango natur baliabideak legez kanpo ustiatzen dituzten enpresei babes emateko, besteak beste. Laia Altarribak nabarmendu duenez, Marokoko poliziak tiroka ari ziren bitartean, Galiziako Rianxeira enpresak hegaluzeak latetan sartzen jarraitzen zuen Aaiunen, Sahararrek lan hori gelditzeko eskatu arren, eta Kataluniako FMC Foret konpainiak Saharako fosfatoa ustiatzen segitzen zuen. Istiluen berri eman zuten hedabideek, baina okupazioaren atzean dauden interes ekonomikoak azaldu gabe.

3. Hipoteka kitatzeko salbuespena

2010. urtean nabarmentzen hasi zen Espainiako Estatuak hipoteken inguruan duen legedia bezalakorik ez dagoela inguruko herrialdetan. Europako leku gehienetan aski da etxebizitza itzultzea hipoteka kitatutzat emateko. Espainiako legediaren arabera, berriz, etxea bankuari itzulita ere zorra ordaintzen jarraitu behar duzu. Bada, 2010ean hedabide gehienetan albiste izan ez zena, mintzagai ozena bihurtu da 2011n. Gemma Garcia Fabregak azaldu du salbuespenaren zergatia: etxea itzultzea ordain gisa onartuz gero, bankuek eta kutxek 15.000 milioi euro galduko lituzkete. Hori, halere, 2009an jasotako irabazien %25 baino ez litzateke haientzat.

Berrian jasoa.

Advertisements
Explore posts in the same categories: Telebistari Buruzko Gogoeta

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s


%d bloggers like this: