Telebistarik gabeko eguna izendatu dute gaurkoa hainbat kontsumitzaile elkartek (Berria)

Nafarroako Gazteluko Plaza elkarteak bultzatu du, besteak beste, kalitatezko telebistaren aldeko deialdia

URTZI URKIZU

Donostia

Kalitatezko telebista baten alde egiteko asmoz, maiatzaren 10ean telebistarik ez ikusteko deialdia egin dute gaurko, bederatzigarren urtez, hainbat kontsumitzaile elkartek. FIATYR Espainiako Telebista Ikus-entzule eta Irrati Entzuleen Elkarteen Federazio Iberikoak egin du deialdia, eta sustatzaileen artean, ohi denez, Nafarroako Gazteluko Plaza elkartea dago.

Aurtengo kanpainan, nabarmendu nahi dute ikus-entzulea ia babesik gabe dagoela, ez dagoelako kateak zigortzeko botererik duen ikus-entzunezko kontseilurik Espainia osoan. Europan, horrelako erakundeak daude Frantzian, Italian, Erresuma Batuan, Irlandan, Herbehereetan eta Portugalen.

«Gai batekin oso kezkatuta gaude: kateek autoarautze bat sinatu zuten, baina denek hautsi egiten dute. PSOEk, hauteskundeak irabazi bezain laster, ikus-entzunezko legea martxan jarriko zuela esan zuen, baina oraindik ez du egin», adierazi du Maribel Martinezek, Gazteluko Plaza elkarteko kide eta deialdiaren sustatzaileetako batek. «Kateek irudi bat eman nahi zuten, baina are okerrago, haurrentzat babestutako ordutegietan lotsagarri aritzen dira. Ez dago haien aurka ausartzen den politikaririk».

Kanpainaren beste puntu bat telebista publikoarena da. «Gaur egun Espainiako telebista publikoak ez du berez duen helburua betetzen: informatu, prestakuntza eman eta entretenitzekoa». Horrenbestez, programen zerrenda bat bidaliko diote RTVEko ikuslearen defendatzaileari, zerbitzu publikoa, aniztasuna eta kalitatea bermatzen ez dituztelako. Haurrentzat babestutako ordutegiari dagokionez, arratsaldeko ordutegi naturala haur programazioarentzat berreskura dezatela eskatzen dute. Era berean, aditu independenteen batzarrak sortzea proposatzen dute haurrentzako programazio egokia diseina eta proposa dezaten.

Zabor telebista izan da kontsumitzaile elkarteen jomugetako bat azkeneko urteetan. «Kalitate eskaseko telebista mota hori oso merkea delako egiten da, baina ez gehien ikusten dena delako», diote kanpainako txostenean. Zabor telebistako saioek bi milioi ikus-entzule baino ez dituzte. «45 milioi pertsonatik bi milioi oso gutxi dira. Gezurra da zabor telebista dela gehien ikusten dena», azaldu du Martinezek. Era berean, tele-errealitatea deritzona zabaldu egin da urteotan. «Baina ez du zerikusirik errealitatearekin: birtuala eta aurrez fabrikatua da».

PUBLIZITATEAREN PRESIO HANDIA. Deialdia egin duten elkarteek diote Espainiako plubizitate presioa Europako handiena dela. «Gainera, aurkezle batzuk kontsumo produktuak iragartzen azaltzen dira. Ohikoa da, era berean, haurrak helduentzako produktuak iragartzen agertzea, legea hautsiz».

Gazteluko Plazako ordezkariak, bestalde, audientzia neurketen sistema kritikatu du. «Espainia osoan ez daude lau mila audimetro ere. Teknologia berriekin, audimetroek txip bat izan beharko lukete saioak ikusten ari den ikusle kopurua neurtzeko. Bestela, sistema oso aleatorioa da».

Telebista ez ikusteko deialdiak jarraipen handia du eta oso harrera ona izan ohi du. «Hamaika elkartek egiten dute bat, eta Interneten oihartzun handia du deialdiak».

Etorkizunari begira, telebistaren inguruan ikerketak egiten jarraituko du Gazteluko Plazak. Duela gutxi telebista aldizkarien inguruko ikerketa bat egin dute, eta beste bat nerabeentzako aldizkarien gainean. Gaurko deialdiaren informazioa eta elkartearen ikerketa horiei buruzkoa http://www.asociacionplazadelcastillo.org webgunean eskura daiteke.

uurkizu@berria.info

Irakur ezazu Berrian

Advertisements
Explore posts in the same categories: Telebistari Buruzko Gogoeta

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s


%d bloggers like this: