Telebistako audientzien neurketa. Unai Brea (Argia)

Denek onartutako datu distortsionatuak

Milioika euroren joan-etorria telebistako audientzi datuen menpe dago. Datu horiek biltzen dituzten audimetroak gutxiegi direla salatu izan da askotan, baina audientzien jolasean dabiltzan guztiek diote kopurua nahikoa dela, eta onartu egiten dituzte datuok. Badakite, hala ere, sistemak arrakala ugari dituela.

Unai Brea

Unai Brea

2011-04-03

Audientzien neurketa sistemak kate handien datuak puzten ditu. Horren ondorio kaltegarri bat da kate horiek ematen dituzten kalitate eskaseko programak justifikatzea, ikusleen nahia horixe eskatzen dutela argudiatuta.
Audientzien neurketa sistemak kate handien datuak puzten ditu. Horren ondorio kaltegarri bat da kate horiek ematen dituzten kalitate eskaseko programak justifikatzea, ikusleen nahia horixe eskatzen dutela argudiatuta.

Hedabide guztion kontsumitzaile kopurua neurtzen da etengabe, baina bistan da telebistari buruzko datuei askoz garrantzi handiagoa ematen zaiela. Eta ematen zaie, badutelako. Gogoan hartu besterik ez dago, esaterako, azken urte bietan zenbat hitz egin den ETBren audientziaz; hedabide publikoen kasuan, eztabaida politikorako argudio bilaka daiteke nork bere etxean zein botoi sakatzen duen telebistaren aurrean paratzen denean. Baina batez ere, audientzien garrantziak diruarekin zerikusia dauka, ondoko datu xumeak erakusten duenez: iaz, Espainiako kate pribatu handi biek, Telecincok eta Antena 3-k, 794,6 eta 687,7 milioi euroko sarrera garbiak izan zituzten publizitate-salmentagatik, hurrenez hurren.

Telebista pribatuak negozioa dira, eta negozio horren funtsa ikusleak saltzea da. Izan ere, horixe da saltzeko daukaten gauza bakarra: gu. Eta telebista publikoak ez dira negozioa, baina ez dute publizitatea musu-truk ematen. Pantailaren beste aldean zenbat jende dagoen jakitea ezinbestekoa da, baina kopurua ezagutzea ez da nahikoa. “Zenbat” bezain garrantzitsua da “nor”; iragarleentzat ez dira berdin 8 urteko mutila edo 80ko amama. Telebista-kateekin kanpainak negoziatzen dituztenean, ikusle kopuruak ez ezik, ikusle horien soslaiak ere “erosten” dituzte.

Hainbeste diru mugiarazten duten datuak neurtzeko audimetria erabiltzen da. Sistema bera da, edo oso antzekoa, Europan eta herrialde garatuetan oro har, eta normalean enpresa independente baten esku egoten da. Espainiako Estatuan, Kantar Media da enpresa hori. Agian ezagunago duzue lehengo izena: Sofres. Frantziako Estatuan, berriz, Médiamétrie-ren eskuetan dago neurketa.

Guztiok zer ikusten dugun jakiteko, biztanleriaren zati txiki bat hartzen da eredu. Haien gustua, denona omen. Nahita diogu lagina txikia dela, sarritan kritikatzen baita txikiegia izatea, baina orobat onartuta dago. Kateek, iragarleek, telebistarekin zerikusia daukaten edozelango elkarteek… Denek ematen dute ontzat audimetroaren sistema, inperfektua dela aitortu arren.

“Estatistikaren ikuspuntutik audimetro kopurua egokia da”, diosku Alejandro Peralesek, Espainiako AUC ikus-entzule elkarteko presidenteak, “edozein inkestatan erabiltzen den laginaren tamaina bera du”. Ezaguna da EAEko audimetro kopurua (350), baina ez Nafarroakoa, telebista kate propiorik ez duten autonomia erkidegoetan ez baita neurketa bereziturik egiten. Iparraldeko daturik ere ez dago.

Kate handiak handiago bihurtzen ditu neurketa sistemak

Arazoa ez da etxean audimetroa daukan jende gutxiegi dagoela, azken urteotan telebistaren eskaintza ugaritu izana baizik. Horrek mainstream-ari egiten dio mesede, eta eduki espezializatuak eskaintzen dituenari kalte. “Zailagoa da oso ikusle mota espezifikoa daukaten kateen datuak ondo jasotzea kate orokorrenak jasotzea baino”, dio Peralesek, “konparazio bat egitearren: beti ere fidagarriagoa da ‘zein kola freskagarri edaten duzu?’ galdetzen duen inkesta baten emaitza, garagardo markez galdetzen duena baino”.
Honenbestez, etengabe zabaltzen diren audientzia datuetan gainbaloratuta agertzen dira kate handiak, eta kontrakoa gertatzen zaie txikiei. Espainiako La 2ek, esaterako, publiko minoritarioago bati zuzendutako eduki kulturalak eskaintzen ditu batez ere, “eta zailagoa da horko ikusleak audimetrian sartzea”, Peralesek dioenez.

Eta euskaldunak?

Hori hala izanda, lasai ondorioztatu daiteke ikusle euskaldunen hautuak, gutxiengoa izanda –hizkuntza batean “espezializatutako” ikusleak dira, nolabait esatearren–, ez daudela dagokien neurrian jasota audimetrian. ETB-1eko langile batek kalkulu aritmetiko sinple batzuk helarazi dizkigu, euskarazko programazioaren audientzia datuek zein oreka hauskorra daukaten erakusteko asmoz.

Gauez, prime time deritzan ordutegian, herritarren %40-50 egoten da telebistaren aurrean. Horrek esan nahi du EAEn, guztira 350 audimetro egonik, gauero 150 edo 175 inguru egoten direla piztuta. ETB-1eko saio batek ordu horretan %2ko sharea badauka –halaxe du, berbarako, Mihiluzek–, ariketa aritmetiko erraz batek diosku hiru audimetro daudela saio horri konektatuta. Hiru baino ez, audientzia handieneko saioetan. Audimetroen banaketan familia euskaltzale bat gehiago edo gutxiago egoteak garrantzi handia eduki dezake euskarazko programa baten etorkizunerako.

Nork dauka audimetroa etxean?

Arazoa ez da estatistika hutsezkoa, audimetroa daukatenen izaerarekin ere badu zerikusia. Espainiako Estatuan Kantar Media arduratzen da banan-banan, etxerik etxe doazen komertzialen bitartez, panelistak lortzeaz. Zergatik diogu panelista? Bada, audimetroa daukanari ordainetan eskaintzen zaion gauza bakarra sari-panel batean parte hartzea delako. Aldiro puntuak biltzen dira, eta gero opariak har daitezke puntu horien truke.

“Mundu guztiak ez du panelista izan nahi”, diosku Alejandro Peralesek. Jende mota batek errazago irentsiko du opari-panelaren amua beste batek baino, eta jende mota horrek gustukoago ditu telebista saio mota batzuk beste batzuk baino. Audimetroen bitartez ikusleen datu guztiak jasotzen dira (adina, sexua, elebitasuna…), eta ustez, panelisten laginak ondo ordezkatzen du jendartea zentzu horretan. “Ontzat eman dezagun hori bete egiten dela”, dio Peralesek; “bada, hala ere oraindik badago beste arazo bat, bizi-estiloarekin zerikusia daukana, ideologiarekin, ikasketa-mailarekin… Oro har, heziketa handiagoa jaso duenak, izpiritu kritikoagoa duenak, diru-sarrera handiagoak dituenak… ez du audimetrorik eduki nahi”. Oso modu gordinean esanda, panelisten artean gehiago dira telezaborraren jarraitzaileak kalitatezko saioen zaleak baino. Ez dago fenomeno horri buruzko ikerketa zehatzik, baina audientzia datuak jasotzen dituztenek kontuan izaten dute, Peralesen hitzetan: “Jakin badakite sektore bat ez dagoela laginean behar bezala ordezkatuta, eta emaitzak doitzen dituzte haien alde”.

Ez gara, orduan, datuek esaten duten bezain zaborzaleak? Maribel Martinezek, Iruñeko Plaza del Castillo ikus-entzule elkarteko presidenteak, beste ikuspuntu bat du gaiaz: “Audimetria sistema perfektua iruditzen ez bazait ere, uste dut hortik ateratzen diren datuak nahiko hurbil daudela errealitatetik. Gertatzen dena da publikoki zabaltzen den mezuak ez duela bat egiten datuek diotenarekin. Alegia, benetan jendeak nahi duena telezaborra dela sinetsarazi nahi digute, eta ez da egia”. Martinezek kate pribatuei leporatzen die horrela jokatzea, alegia, telezabor gehien ematen dutenei. Programazio mota hori erruz ematea justifikatu nahi dute, eta badute horretarako arrazoi onik: oso saio mota merkea da.

Erabiltzaileen “utzikeria”

Edozein estatistikak berezkoa duen errakuntzaz gain, eta “panelistaren izaeraren” desbideratzeaz gain, audientzia-neurtzaileek ondo dakite badela beste faktore bat, jasotako datuak errealitatetik –ez larregi, euren esanetan– aldentzen dituena: giza faktorea.

Irakur ezazu artikulua Argian!

Advertisements
Explore posts in the same categories: Telebistari Buruzko Gogoeta

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s


%d bloggers like this: