Kubako eta hegoaldeko emakumeen estereotipoak hausteko jardunaldiak. Edu Larzanguren.

Hedabideek emandako irudi faltsuak salatu eta konponbideak sortzen saiatu ziren Gasteizen.

Berrian, irailaren 28an publikatua:

«Publizitatean Kubako emakumea agertzen dutenean, mulata runbazale eta sentsuala erakusten digute», dio Isabel Moya Kubako Editorial de la Mujer argitaletxeko zuzendariak. «Haatik, emakume kubatarrak uharteko profesional eta teknikarien %62 dira, eta osasungintzan munduko 70 herrialdeetan dabiltzan kubatarren %54».

Mendebaldeko hedabideek Kuba eta garatzeko bidean diren beste herrialdeetako emakumeez ematen duten irudiaz eztabaidatzeko jardunaldia antolatu du Gasteizen, biharko eta ostegunerako, Euskadi-Kuba elkarteak. Moyarekin batera, Inalvis Rodriguez arituko da, Kubako Generoaren Garapenerako aholkularia. «Matxismo higatua» ideiaz jardungo dute, besteak beste.

Hegoaldeko Emakumeak Hedabideetan lantegia egingo dute, 09:30etik 13:30era, Arabako hiriburuko Simone De Beauvoir Elkarteen Etxean. Hasieran, kazetarientzako bakarrik izan behar zuen lantegiak, baina entzule ororentzat zabaltzea erabaki dute, Raquel Agirre antolatzaileak argitu duenez. «Irratietan, telebistetan eta prentsan agertzen diren estereotipoak aldatzea da asmoa, eta bestelako komunikazioa egitea, genero ikuspegia kontuan hartuta», dio Agirrek.

Bi hizlariak kubatarrak dira, baina hegoaldeko emakumeen irudiaren inguruan jardungo dute, oro har. «Kubatarrak aukeratu ditugu uhartea etengabe dagoelako hedabideetan, arrazoi politikoengatik bada ere».

«Begirada folklorikoa»

Hirugarren munduko emakume eta gizonen inguruko irudia nola eraikitzen den aztertuko dutela dio Moyak. Aipatu du hedabideek «aurreiritzi zaharrak» behin eta berriz zabaltzen dituztela. «Estereotipook desberdintasunak nabarmentzen dituzte, batzen gaituena nabarmendu beharrean». Genero eta Komunikazio katedrako burua da Moya Habanako Unibertsitatean. «Tailerretan ez gara diagnostikoan geratuko, ordea, eta beste komunikazio molde bat iradokiko dugu, parte-hartzaileagoa eta demokratikoagoa».

Kubako gobernua aipatzen denean, gizon bizardunak datoz ia automatikoki burura. Horrek Kubako emakumearen irudi faltsua ezartzen lagundu ez ote duen galdetuta, «Mendebaldearen begirada folklorikoa eta kolonizatzailea» dagoela atzean esan du Moyak. Espainian emakumeen aurkako indarkeriaren maila handiak Kuban parekorik ez duela dio. «Iraultzaren 50 urteak ez dira ezer Mendebaldeko kultura judu-kristauaren 500 urteen aldean», dio irakasleak, «nahastuta, gainera, Afrikako kulturekin, oraindik matxismoaren zama astuna daukatenak».

Matxismo higatua

Iraultzak kultur oinarri horretan izan duen eragina azaltzeko, «matxismo higatua» kontzeptua erabiltzen du Inalvis Rodriguez aholkulariak. Politika publikoak erraz alda daitezke, baina familiaren eta bikotekidearen barruan pertsonek nola funtzionatzen duten aldatzea ez dela horren erraza azaldu du. «Kuba tradizionala eta matxista da, Latinoamerika osoa bezala, baina matxismo hori higatuta dago han, azken 50 urteotako eboluzioaren ondorioz». Gizonek seme-alaben hezkuntzan erantzukizuna hartu dutela aipatu du, adibide gisa.

Hedabideek estereotipoak eraikitzen laguntzen duten bezala horien kontrako borrokaren protagonista izan daitezkeela uste du Rodriguezek. «Europako hedabideei errealitatea erakusteko eskatuko nieke, estereotipo guztiak txarrak direlako emakumeen garapenarako».

Advertisements
Explore posts in the same categories: f. Estereotipoak, h. Emakumea

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s


%d bloggers like this: