Telebista lehen, orain eta gero. Iratxe Esnaola Arribillaga (Garan, apirilaren 28an).

“Telebista, eta oro har, masa-komunikabideak omnipresenteak dira, nonahikoak. Batez ere telebista. Salbuespenak salbuespen, etxe guztietan aurkituko dugu, gutxienez, telebista bat. Eta klase sozial guztietara iristen den aparatua da. Telebista da, beraz, gaur egun, informazio eta desinformazio bide nagusia. Eta hori horrela, telebistaren eragin sozializatzailea izugarria da. Baina… telebistak bizitza estilo bat zabaltzen edota inposatzen al du? Ala errealitatea da islatzen duena? Biak izan daitezke. Alegia, errealitatetik oso urrun ez dagoen bizitza-estilo bat isla dezake, baina bide batez, bizitza-estilo hori sustatu eta indartzeko arma eraginkor gisa ere erabil dezakete. Edonola ere, gure gaur egungo jendartean telebista ezinbestekoa da, telebista kontsumorako produktu bilakatzen ari da-eta, beraz, telebistaren paper soziala eta ikuslearen kontsumitzeko modua etengabeko aldaketan murgilduta daude. Telebista lehen ezberdina zen eta etorkizuneko telebista beste bat izango da.

Miguel Castellsen artikulu batean, masa-komunikabideen bitartez balioak eta sinesmenak hedatzen direla eta gure bizipenak hortik abiatzen direla irakur daiteke. Telebistak balioen garapenean duen eragina ukaezina da, bere alde on eta txar guztiekin. Telebistak errealitatea homogeneizatzen du, balio lehiakorrak eta bortitzak transmititzen ditu, beste ekintza batzuk egiteko denbora kentzen du, mendekotasuna sortzen du, familiaren edota bildutakoen baitan inkomunikazioa sustatzen du eta, noski, ikuslearen pasibotasuna indartzen du. Baina baditu bere alde onak ere: telebistaren entretenimendurako gaitasuna izugarria da, ez du bere ulermenerako ahalegin edo esfortzu berezirik eskatzen, jakintza transmititzen du, beste errealitate batzuk gerturatzen ditu eta, arestian aipatu bezala, balioen transmisiorako oso bide eraginkorra izan daiteke (naturarekiko errespetua, herrien arteko elkartasuna, aniztasuna, eta abar).

Telebistaren kontzeptua 1884tik ezagutu daitekeen arren, 1927 eta 1930ean egin ziren lehen emisioak, Ingalaterran eta AEBetan, hurrenez hurren. Norabide bakarreko komunikazioa zen. Masa-komunikabideak informazioa zabaltzeko bitartekari hutsak ziren artean. Noam Chomskyren arabera, bitartekaritza lan hori XIX. mendearen erdialdera arte eman zen. Garai hartan, komunikabideen kontzeptu enpresarialago bat indartu zen. Jada informazioa ez zetorren bakarrik, publizitatez lagunduta baizik. Eta enpresa ikuspegi horretatik, komunikabideen dimentsioen aldaketa bat gertatu zen, komunikabide txikien kalterako, noski.

Gerora, Castellsek dioen moduan, teknologia digitalen hedapenarekin eta askatasun indibidualaren kulturarekin, norabide bakarreko komunikazioa zalantzan jarri zen. Eta hori da gaur egungo telebistan ikusten ari garen aldaketa. Teknologien eremuan gertatzen den moduan, jada telebista ikuslea ere ez da ikusle soila. Ikusleak parte hartzen du. Iritzia emateko SMS bat bidaliko du. Edo are okerrago, edozein bilaka daiteke albiste, protagonista. Edozeinen bizitza publiko egin daiteke, eta hortaz, kritikagarria da. Alegia, ikusleak telebistaren aurrean pasibo izaten jarraitzen du baina, era berean, telebistaren beraren protagonista ere bilakatzen ari da.

Hori, noski, «doakoa» den telebistarekin gertatzen da, hainbestetan zabor-telebista deitzen diogun horrekin, hain zuzen. «Doako» telebista zergen bitartez ordaintzen dugu, zeharka baina publizitate kopuru ikaragarri bat jasotzearen truke. Satelite bidez, Lurreko Telebista Digitalarekin edo Internetetik jasotzen dugu. Eta «doakoa» den heinean, ikus-entzule kopuruaren arabera funtzionatzen du, alegia, ikusleria minimo bat duten programek bakarrik irauten dute. Eta programa asko eta askoren artean aukeratu dezakegu, baina aukeraketa bera ere mugatua da. Horren harira, 2005eko «Jakin» aldizkariko «Etorkizuneko telebistaren itzalak eta argiak» artikuluan, bi iritzi ezberdin aipatzen dira. Batetik Gustavo Buenoren «Telebasura y democracia» liburuan esandakoa. Buenoren hitzetan, inoiz ezagutu den telebistarik demokratikoena da egungoa, are gehiago, telebista eredu hau berdintasunaren bermea dela dio eta ikusleriaren gehiengoak gustukoak dituen programa horien artean hautaketa egiteko aukera dugula. Bestetik, Mariola Cubells kazetari valentziarrak «Mírame tonto. Las mentiras impunes de la tele» liburuan aipatutakoa dago. Cubellsen arabera, egin daitekeen hautaketa mugatu egiten dute, eta azken batean, eskaintzen digutenaren artean soilik hautatu ahal izango da. Beraz, telebistako programen atzean dauden korporazioen filosofiaren eskuetan dago, inon badago, gure etxera iristen den telebista-menuaren diseinu guztia. Chomskyren arabera, masa-komunikabideak enpresa mediatiko eta gobernuen kontrolpean daude, publizitatearen eta kapitalaren menpe eta, modu horretan, herritarrek beren bizitzaren bidea beren kabuz ez erabakitzea bermatu nahi dute, alegia, gure bide propioa egiteko edozein saiakera eragotzi nahi dute.

Baina zabor-telebista ez da etxean telebista bat duen ororen gustukoa. Eta eskari berri horri erantzuteko sortu zen ordainpeko telebista, Digital+, Imagenio eta gisakoak. Ikusleria oraindik ez dago telebistako edukiengatik ordaintzera ohitua baina teknologia digitalarekin ordainpeko telebistak hedapen zabala izan du. Bere ezaugarri nagusia ikusleriaren parte-hartzea eta igorlearen eta ikuslearen arteko elkarrekintza dira. Telebista eredu honen atzean, telekomunikazio enpresa handiak ere badaude (Telefonica, Orange eta Euskaltel, adibidez). Ordainpeko telebistaren eskaintza gaika antolatuta dator, harpidetzaren bitartez funtzionatzen du eta publizitaterik ez du (edota publizitatea ezberdina da). Egun, futbola eta zinema dira, zalantzarik gabe, ordainpeko telebistaren produkturik kontratatuenak. Beraz, «Jakin» aldizkariko artikuluan baieztatzen den moduan, telebista, pribatizazioaren eskutik, kontsumorako produktu bilakatu da, etorkizunerako pribatizazio hedatuago bati bideak irekiz.

Zabor-telebistak, noski, pribatizazioaren bide hori indartzen du, doako telebistako programazioarekin asebetetzen ez den ikusleriak beste aukera bat baitu. Baina noski, gehiengoak ikusten duena ikusi nahi ez baduzu, ordaindu egin behar duzu. Ordainpeko telebista, beraz, zabor-telebistarekiko alternatiba gisa ere uler daiteke baina Internet bidezko telebistarekin, beharbada, gauzak aldatuko dira etorkizunean. Egungo gazteek gero eta denbora gehiago igarotzen dute Interneten, telebistari eta prentsa idatziari denbora kenduz. Hortik etorriko da, beharbada, eta Castellsek dioenaren arabera, doako telebistaren eta bere negozio-ereduaren bukaera. Etorkizuneko telebista Interneti erabat lotuta egongo baita, parte-hartzea, interakzioa eta gaien antolaketa oinarri izango dituelarik eta gure kontsumoa gure beharren arabera egokitzeko aukera izango dugularik. Telebista kontsumorako produktua izango da, hori ziur.

Edozein kasutan ere, telebistaren erabilerak hausnarketa sakon bat behar du. Doako telebista desinformazioaren erreinua dela entzuten dugu maiz. 2003an hil zen Neil Postman amerikarraren hitzetan, telebistak «informatua sentitzearen» kontzeptua aldatzen du. Informatu baino gehiago, desinformatu egiten du. Eta desinformazioa ez da informazio faltsua, informazio ez garrantzitsua baizik. Informazioaren garrantzia desitxuratu egiten da, arreta desbideratzen da, maila sozialean garrantzitsuak diren albisteak albo batera uzteko helburuarekin. Alegia, informatua sentitzearen eta jakitearen ilusioa sortzen digu telebistak, hain zuzen jakintzatik urruntzen gaituenean. Ildo beretik, eta Chomskyren arabera, benetako informazioari eskaintzen zaion denbora oso murritza denez, munduaz dugun ikuskera ere murritza da. Ikuskera bakarra zabaltzen dute. Ordainpeko telebistak berriz, Internetetik jaso edo ez, gaikako eskaintza du oinarri, baina telebista kontsumo produktu bilakatzearen eskutik dator.

Gainera, bien atzean, doakoan edota ordainpekoan, korporazio eta gobernuen kontrola dago eta, Chomskyk dioen bezala, komunikabideak kontrolatzen dituenak publikoaren buruak kontrolatzen ditu. Eta dio komunikabideen kontrola informazioaren gobernu globala dela, eta bere funtzio nagusia pentsamendu kritikoa murriztea dela.

Gure jendartean ezinbestekoa da telebista, baina bere alde onak indartuko dituen erabilera kritiko bat barneratzea beharrezko da. Finean, kontsumitzaile kritikoek kalitate hobea eskatzen baitute. Neurtu, ikusi edo ez, zer ikusi eta zer ez. Eta noski, Interneten eskutik, gure komunikabide propioak sortu, sortuak daudenak erabiliz indartu eta gure nortasunari eta kulturari lotutako edukien ekoizpen eta erabileran kokatu behar da gure etorkizuna.”

Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria da.

Irakur ezazu jatorriko testua GARAn, (apirilaren 28an)

Advertisements
Explore posts in the same categories: Telebistari Buruzko Gogoeta

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s


%d bloggers like this: