Bikoizketa: “Haurrak ohitu dira, helduak ez”. Miren Ibarluzea (Argia).

Urteak joan dira indioak euskaraz berbetan ikusita gure aitita pantailari adi zurtz eginda geratzen zenetik. Ohitu egin da ikuslea bikoiztutako telebista saioetara. Hainbeste ohitu da ezen askotan arrotz zaion, kasurako, Songokuren erdal ahotsa.

Jardunez hobetzen den neurrian, euskarara bikoiztutako produktuen kalitateak gora egin duela jakina da. Alabaina, euskal kulturaren esparrua ez da zabalegia, eta gutxi dira euskal bikoizleen ahotsak. Horrek sinesgarritasuna lapurtzen dio egindako lanari, lantzean atzerriko aktorearen ahotsa ezagututa bertoko aktore baten irudia baitakargu gogora, adibidez. Ez da kontu erraza baina, gero eta ordu gutxiago bikoizteko eskaria baitute bikoizketa etxeek. Ikus-entzunezko itzulpenaren mundua txikia da, oso hermetikoa, zaila da ikus-entzunezko testuen itzultzaile-egokitzaile edo bikoizleen munduan sartzea. Normalean, gainera, ez dute langileok langintza hori soilik izaten euren bizibidea.

Joan zen Irrati-Telebista eskola sortu zeneko sasoia, egun bikoizketa-etxeek prestatzen dituzte profesionalak. Josu Barambones irakaslea ere, EHUko Itzulpengintza eta Interpretazio lizentziaturako ikastaroetan, saiatzen da bere ikasleei ikus-entzunezko testuen itzulpenaren panoramika eskaintzen. Ikus-entzunezko itzulpenaren egoeraren errepasoa egin eta teknikak irakasten dizkie ikasleei; izan ere, ikus-entzunezkoak itzultzeko teknikak garaitiko testuetatik aldentzen dira: konbentzio jakin batzuk lantzen dira, testuetan erabili beharreko sinbolo jakin batzuen erabileraren jabe izan behar du itzultzaileak; muga teknikoei aurre egin behar zaie, mezua bi kanaletatik baitator, ikusizkotik eta entzunezkotik, eta irudiak agintzen du, horixe da ikus-entzunezko itzulpenaren maxima.

Ikus-entzunezkoen itzulpena eta bikoizketa ez eze, telebista egiteko modua ere asko aldatu da EITB bera hazten eta heltzen joan den heinean. Saioak erabat ezberdinak dira gaurko telebista hasi zenekoaz alderatuz gero, programazio ereduek bilakaera nabarmena jasan dute eta.

Bikoizketak Euskal Telebistan duen presentziaren azterketa sakona dakarkigu, hain zuzen ere, Josu Barambonesek irakurri berri duen tesian. Gasteiztarrak ETB1en kanpo emisioa aztertu du, eta ikerketa soziokultural hori oinarri hartuta, bikoiztutako zenbait testuren azterketa linguistikoa burutu du.

Aitorpen gutxi bikoizketari

Ikerketa horretatik ateratako ondorioak irakur daitezke bere tesiaren azken kapituluan: oro har, bikoizketan dabiltzan profesionalen errekonozimendua urria da oso, bikoiztutako bertsioetan ez da bikoizketaren egileen aipamenik agertzen. Normalean, itzulpena jatorrizko testuari lotzen zaio erabat, eta kasurako, cowboy bezalako berbak zuzen-zuzenean hartzen dira. Badira, alabaina, gurera egokitu diren kultur-erreferentziak ere. Naturalizaziora jotzen da, eta irudietan agertzen diren idatzizko kodeak off-ahots batek ematen ditu euskaraz. Itzulpen tekniken artean sarri jotzen da deskribapenera eta esplizitaziora. Halaber, erredukzioa eta modulazioa (esapideak egokitzea, kasurako) ere erabiltzen dira, batez ere testua irudiarekin batera joan dadin. Bikoiztutako testuetako ahoskera Euskaltzaindiak markatutako arauei lotzen zaio. Jatorrizko euskal testuetan, baina, lizentzia gehiago hartzeko ohitura dago. Bikoiztutako testuetako erregistroa jasoa izaten da, eta idatzizko ereduari jarraitzen zaio, askotan estilo aldetik nolabait jaso egiten delarik. Asmo didaktikoekin du zerikusia horrek. Ahozko erregistroaren falta igartzen da. Dena den, gauza bera gertatzen da jatorrizko euskal lanetan, ahozko espresioak kalkoak izaten direlarik, euskarazko ahozko esapide zuzenen kaltean.

Josu Barambones irakasleak berak azaldu digun gisan, erraz baiezta daiteke ETB1ek emititzen dituen generoak dokumentalak, marrazki bizidunak eta filmak diren arren, marrazki bizidunak nagusi direla erabat, filmek oso leku gutxi dute gaur eguneko programazioan. Euskal Telebistaren lehen hamar urteetan, ostera, filmek pisu gehiago zuten. Halaber, ETB2 kanpotik ekarritako telesailez mukuru dagoen artean, ETB1en ez da ia halakorik emititzen. Oso desberdinak dira programazio ereduak EITBren telebista kateetan, eta ugari dira horren arrazoiak. Arrazoietako bat euskararen egoera da; izan ere, ETB1ek eskola sistemaren jarraipena izan nahi du, eta hargatik bereizten da gainerako telebista publikoetatik marrazki bizidunen eskaintza zabal-zabalarekin. Telesailak eta filmak gaztelaniazko katean ematearen arrazoibidea, ostera, telebista generalisten ereduarekin lotuta dago; euskarara egin beharreko bikoizketa ETBk ordaintzen du oso-osoan, eta gaztelaniarakoaren gastuak, ostera, FORTA erakundea osatzen duten telebista autonomikoen artean banatzen dira. EITBren programazioan aipatzekoa da etxeko produktuen indarra eta pisua. Telesail bat etxean ekoiztea, kasurako, askoz ere garestiagoa da atzerriko telesail bat erosi eta bikoiztea baino. Halatan ere honakoan bestelakoak dira programazioa baldintzatzen duten faktoreak eta botere jokoak.

Euskaraz sortua sinesgarriagoa

Programazio eredua aztertuta eta kanpotik ekarritako generoen artean marrazki bizidunak gailentzen direla ikusita, Burdinaho eta Berebiziko espioiak telesailetako hamar kapitulu aztertu ditu Josu Barambonesek bere tesian, marrazki bizidunetako testuak baitira, nolabait, testurik errepresentatiboenak euskal bikoizketan. Bi telesail horiek aukeratzeko irizpideak ere ondo zehaztuta izan ditu ikerlariak: ikus-entzunezko materiala, bideoak eta gidoiak, eskura izatea, kasurako. Bikoizketa etxe ezberdinetatik ateratako testuak dira telesail horietakoak, ingelesetik itzulita sortutakoak; hartara, itzulpen joerak identifikatzeko eta aztertzeko bidea zabalik izan du ikerlariak. Jatorrizko testuak eta euskarazkoak konparatuta, eta itzulitako obrak eta Euskal Herrian bertan sortutako Karramarroen uhartea filmeko hizkuntza alderatuta jatorrizkoa sinesgarriagoa izaten dela ondorioztatu du ikerlariak, sarriago erabiltzen da hitanoa, ugariagoak dira ahozko esapideak, lizentzia gehiago hartzen dira ahoskeran… Halatan ere, ez du horrek inolaz ere esan nahi euskarara egindako bikoizketa desegokia denik. Gainera, kontuan hartu behar da oso obra gutxi direla euskaraz sortuak, eta hortaz, erreferentzia gutxi dute ikus-entzunezko testuen itzultzaile-egokitzaileek, literatur itzultzaileen aldean.

Programazio eredua dela-eta, badirudi haurrak ohituta daudela bikoiztutako produktuak kontsumitzera, baina datozen urteetarako erronka jende heldua euskarara bikoiztutako telesail, film eta bestelako saioetara ohitzea litzateke. Horretarako bide bakarra dago: euskararako bikoizketa indartzea. Azken urteetan, baina, filmak falta dira euskaraz, eta zinema aretoetan lehiatu ezin daitekeenez, berebizikoa da telebista publikoak garai bateko Zineoro saioaren moldeko ekimenak martxan jartzea. Josu Baranbonesen beraren iritzian, pena litzateke euskarazko bikoizketak lortutako kalitatea eta baliabideak galtzea bikoizketa urrituz doalako gure kateetako programazioan.

Irakur ezazu jatorriko albistea: Argia

Advertisements
Explore posts in the same categories: Telebistaren "Magia"

2 iruzkin on “Bikoizketa: “Haurrak ohitu dira, helduak ez”. Miren Ibarluzea (Argia).”

  1. Peru Says:

    Zinea bikoiztea krimena da. Euskeraz zein edozein hizkuntzan. Aktoreen interpretazioa desitxuratu egiten da. Jende askok onartu egiten du baina alperkeriagatik (ohitura faltagatik esango nuke nik) nahiago dituzte bikoiztutako pulikulak azpititulatutakoak baino. Atzerriko produkzioak euskaraz azpititulatuak eskeintzea bultzatzearen aldekoa naiz, ohituz gero askoz ere aberasgarriagoa bait da, azkarragoa eta merkeagoa izateaz gain.
    TDTaren abantailekin ETB1eko filmeak DUAL moduan jartzea (hizkuntza bikoiztua edo berezko hizkuntza hautatzeko aukera) oso ondo legoke, baina ETB2an ere ez dago aukera hori.


    • Bat nator diozunarekin. Hala ere, bikoiztea ondo errotutako ohitura dela dirudi, zoritxarrez. Azpitituloak irakurtzea eta jatorrizko hizkuntzan jarraitzea filma planeta erdian egiten den gauza da, ohitzea baino ez da, eta abantaila gehiago ditu desabantailak baino.


Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s


%d bloggers like this: