Koloreak, kirolak eta pantaila.

ZERUAN BEZALA, LURREAN ERE. Imanol Magro (Berria)

Kolore urdina gero eta ohikoagoa da kirol azpiegituretan, telebistaz zein zuzenean jokoa hobeto ikusten delako. Pilotalekuetara ere iritsi da, Zallakoa da lehena, eta laster ez da bakarra izango.

Iraultzek kolore propioak izan dituzte historian; izan dira gorriak, laranjak… eta orain urdinaren aroa da. Kirolak telebistarekiko, eta bide batez ikus-entzunezko teknologiarekiko, duen mendekotasunaren fruitua da. Mendekotasuna eta esker ona, ikuskizunen helburua begia delako, eta urdinak pertzepzioa errazten du. Atletismo pistak urdinak dira, Australiako Irekiko zorua urdina jarri zuten, eta eskubaloi profesionalean telebista bera da parket zaharrak estaltzeko oihal urdina daramana… Orain joera hori pilotara iritsi da, Zallako pilotalekura (Bizkaia). «Urdinak ondo funtzionatzen du telebistan; gure begiak ondo asimilatzen du frekuentzia kromatiko hori. Tenis torneoetan zoruak urdinak dira, baita moreak ere. Ikerketak eginak daude. Gainera, bi orduko emanaldi batean, urdinak ez du ikuslearen begia nekarazten». Iñigo Urreagaren hitzak dira, Bainet ekoiztetxeko errealizadore eta telebistaz emaniko pilotaren guruetako batenak.

1994an pasa ziren pilotaleku motzak zuritik berdera, erremintakoak ere berdeak zirelako, eta denborarekin inor gutxik uste du aldaketa ez zela izan onerako. Garai hartan Urreagak eta Fernando Lopetegi ETBko errealizadoreak, gutun publiko batzuk idatzi zituzten berdea defendatzeko eta urdina ere erabil zitekeela iradokitzeko. Urdina beste pauso bat da, eta, Urreagak dioenez, hainbat udaletxetatik deitu diote urdin tonalitate zehatza zein den galdetuz. Errealizadoreak, baina, nabarmendu du Zallakoa proba bat dela, eta Asegarcek ez duela pilotaleku urdinik inposatu. «Ziur nago, %90ean, arrakasta izango dela, baina proba bat da. Gure bi teknikari han izan ziren kamera batekin, eta txundituta itzuli ziren. Baina hau apustu bat da, aukera pertsonal bat, Zallako Udalak egin duena, eta pilotaleku ikusgarria eraiki du».

Urdin satinatua erabili dute, dirdiradunak ez zuelako balio. Ducados urdina baino ilunagoa da, baina ez Bilbo urdina bezain iluna. Kolorea hautatzeko probak egin zituzten oihalekin, eta emaitza ona izan zen. Gerora, teknikarien iritziak ere Urreagaren arrakasta ustea sendotu du. «Kolore atsegina da begiarentzat, eta atzeko paretak laguntzen badu, hobeto ikus daiteke kantxan sor daitekeen epika narratiboa. Jokaldiak hobeto ikusten dira. Tenisak diru asko mugitzen du, eta urdina aukeratu badute zerbaitegatik da». ATP zirkuituan, esaterako, tradizio are luzeago bat haustekotan dira, eta hasiak dira lur harrotu urdina probatzen. Izan ere, urdin koloreak, berde edo gorriarekin alderatuta, kontraste handiagoa eragiten du. Berdeak, konposizioan, horia darama, eta kolore argiagoa da; baina urdinean pilota zuriaren kontrastea nabarmenagoa da. Hori gutxi ez, eta hainbat kirol psikologok ondorioztatu dute azpiegitura urdinean errendimendua hobetzen dela, askatasun sentsazioa handiagoa delakoan.

Gakoa kontrastea bada, baina, zergatik pilotaleku urdina eta ez beltza? Gernika Jai Alai berria eta erremintako beste pilotaleku batzuk beltzak dira. «Batzuek diote onena beltz eta zuri garbiak direla, baina pilotaleku beltz bat bi orduz ikustea nekagarria da; pentsa, ia ez dago dekoratu beltzik telebistan. Gainera, pilotaleku beltz batek argiztapen gehiago behar du, urdinak berdeak baino gehiago eskatzen du, eta beltzak are gehiago oraindik». Zallakoaz gain, badaude pilotaleku urdin gehiago, Aiakoa urdin argia da -frontisa beltza bada ere-, eta Getxokoak Zallakoaren kolore bera du. Etorkizunean Bilboko zein Iruñeko pilotaleku berriak ere urdinak izatea aurreikusita dago. Euskal Herriko mugetatik kanpo aspaldi egin zuten aldaketa, Valentziako Biomekanika Institutuak ikerketa bat egin zuen, eta ondorioztatu zuen Valentziar erarako pilotarako pilotalekuetarako kolore egokiena urdina dela.

Zorua beltza, marrak laranjak

Pilotalekua, baina, paretak baino gehiago da; marrak daude, kontra kantxa, eta batez ere, argiak. Azken horien garrantzia nabarmendu du Urreagak: «Kolorea garrantzitsua da, baina argiztapen onik ez badago… jai dugu! Kolorea argia da». Alde horretatik, Zallako eredua goraipatu du. «Antxon Maestre arkitektoak bete-betean asmatu du. Pilotaleku askotan argiak kontra kantxako marraren gainean daude, baina kontrakantxa ere jokalekua da, eta hori ilunpean gelditzen da. Zallakoan, berriz, argiak harmailen gainean daude. Benetan, pilotaleku ikusgarria da». Zallako Udalak 7 milioi euro inbertitu ditu, eta kantxara sartzean, argia dela-eta, telebista plato erraldoi bat dela dirudi.

Marrak laranjak dira, paretan zein zoruan. Urdinaren osagarria da, eta gainean bote egitean pilota garbi ikusten da. «Urdina ez dugu normalizatu, ez EPELen, ezta federazioetan ere, baina hori bai behartu beharko litzake. Marrak, beti, laranjak». Zorua, berriz, beltza da, eta oraingoz oso lakarra. Urreagaren iritziz, onena lurra ere urdina izatea litzateke, baina badaki gai sentikorra dela. «Miarritzeko pilotalekuan konposite bat bota zuten lurrean, eta ispilu efektua egiten du, ederra. Baina hori erreminta pilotalekua da; eskuan, aldiz, aurkakoak agertuko lirateke. Pilota material bizia da, eta denak du eragina».

Beste auzi bat elastikoak izango dira. Egun gorri eta urdinekin jokatzen dute, eta urdinak behar bezala ikusiko ziren zalantzetako bat zen. Urreagaren iritziz, ez dago eztabaidarik, urdina ondo desberdintzen da. «Pilotariak gorria eta urdina dira, bi edo lau asko jota, eta desberdintzen dira. Atzeko masa urdina erraldoia da, eta ondo ikusten dira. Lehen zuriz jokatzen zuten pilotaleku zurietan, ia inork ikusten ez zituen gerriko batzuekin». Halere, etorkizunean, pilotarien elastikoak egiten dituen etxeak pilotaleku berrien urdin tonalitatea kontuan hartu beharko du eredu berriak egitean.

«Dena iritsiko da»

«Orain kolorea da… baina aldaketa gehiago etorriko dira». Urreagak ez du igarle lanetan hasi nahi, baina etorkizunak beste iraultza txiki batzuk ekar ditzake. Koloreari dagokionez: morea. «ATPko hainbat torneo pista moreetan jokatzen hasi dira, zergatik ez pilotalekuak?». Azken egunetan belatz begia izan da hizpide, errealizadorearen iritziz, lanabes interesgarria da, baina oso garestia. «Tenisean ondo erabil daiteke, bi dimentsiotan jokatzen delako. Frontoia, aldiz, kubikoa da, hiru dimentsiotan jokatzen da, hor daude paretak, eta marra asko. Teknologia hori ondo erabiltzeko kamera asko behar dira. Gainera, aurretik ere asko okupatzen dugu joko espazioa…». Beste pauso bat izango da paretetako publizitatea: finkoa izan beharrean, argi proiekzio bidez txertatzea.

Baina urrunago ere jo daiteke, eta beti ikuskizunaren pertzepzioa hobetzeko bidean. Pilotalekua aldatu eta margotzeak dirutza balio du, pilota bakoitzak, aldiz, 30 euro. Beraz, ez ote litzateke hobe berrikuntzak pilotara bideratzea? Urreagaren iritzia. «Nahiko nuke nik Inasmet edo halako zentroren batekin esperimentatzea, pilotak aldatzeko. Produkturen bat eman, eta argi filtrodun jakin batzuekin pilotalekuko jendeak pilota berdin ikusi dezala, eta telebistak askoz hobeto desberdintzea lor daiteke». Halere, pilota hain txikia izanda, telebistarako iraultza handia goi bereizmeneko teknologia (HD) izango da, edo hiru dimentsiotakoa. «Pentsa, etxetik pilota pilotalekuan aurrera eta atzera ikustea. Baina hainbat adituk diote hiru dimentsiotako telebista burmuinarentzat kaltegarria izan daitekeela». Koloreetako pilotalekuak iritsi dira, elastikoak, belatz begiak… «Teknologia badago, pausoak ematea da, eta alde guztiek bat egitea. Dena iritsiko da, ziur nago».

«Pilota hobeto ikusten da»

Mikel Urrutikoetxeak eta Mikel Beroizek atzo estreinatu zuten pilotaleku urdina, 2. Mailakoaren finalerdi batean. Aurretik, aste barruan, entrenamendu saioak egin zituzten, eta biek oniritzia eman zioten koloreari. Biek ere bat egin zuten kantxa barrutik ere pilota hobeto ikusten dela. Urrutikoetxea «harrituta» gelditu zen sartzean, «ederra da, eta ez dut egokitzeko arazorik izan». Beroizi ere gustatu zitzaion, nahiz eta hasieran arraroa egin zitzaiola onartu. Iragan asteazkenean Urrutikoetxea Iñaki Izarekin entrenatu zen, eta sparring-a izan zen pilotalekua gehien goratu zuena. «Barnetik ere pilota hobeto ikusten da. Kontrastea handiagoa delako». Atzoko jaialdiko lehen partidako pilotariei ere asko gustatu zitzaien. Denek kolore berrira ohituz joan beharko dute.

Urdinak dira baita ere

Telebistaren eraginez, hainbat kirolek jo dute egitura urdinetara. Batzuetan, atletismoan bezala, urte luzeko tradizioak aldatu dira. Beste batzuetan, aldiz, eskubaloian bezala, telebistaz ematen diren partidetan espresuki jartzen dute zoru urdina.

1. Telebistarekin bat

Eskubaloian, telebistaz ematen diren partida garrantzitsu gehienetan —Asobal ligan eta EHFko Txapeldunen Ligan— antolatzaileek oihal sintetiko urdina espresuki garraiatzen dute pista estaltzeko. Gomazko ehun zatik osatzen dute, eta presioz behar bezala kokatzeko ia egun osoa behar da.

2. Bizkorragoa omen

Atletismoan, tartan urdinak laranja historikoa bazterrarazi du. Are gehiago, hainbat kirol psikologok diote urdinaren gainean marka hobeak lor daitezkeela. Montjuiceko (Bartzelona) olinpiar estadioko pista aldatu berri dute, eta 5 milioi euro kostatu zaie.

3. Hurrengoa, lur harrotua

Lur artifizialean jokatzen diren tenis torneo gehienetan pistak urdinak dira. 2008tik geroztik Australiako Irekia ere pista urdinetan jokatzen da —lehen berdea zen—. Lur harrotu lehen probak egin dituzte honezkero, baina tenislari gehienek esan zuten ez zitzaiela gustatzen, tradizioa argudio hartuta.

4. Bitxikeria bat

Futbol zelai urdinak etorkizuneko asmakizuna dirudi, baina bat badago, hori bai, amerikar futbolekoa. Bronco Stadiuma Boise State (Idaho, AEBak) unibertsitateko belar artifizialeko zelaia da, eta taldearen goitizena Blues da; urdinak, alegia.

5. Ez du denerako balio

Izotz hockeya da zoru urdina probatu eta atzera egin duen kirol bakarra. Jokoa ondo ikusteko arazoak buruhauste larria dira AEBetako NHL ligan, eta 2005ean Buffalon egun batez eginiko saioak ez zuen oihartzunik izan.

Advertisements
Explore posts in the same categories: Telebistaren "Magia"

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s


%d bloggers like this: