Ez dute dirua jarri nahi. Urtzi Urkizu (Berria)

Nafarroako egoera. LTD bidez ezin da ETB ikusi Nafarroan. Itzalaldia gertatu den arren, analogikoki ikus daiteke, eta hala izango da bolada batean.

Ia hiru hilabete joan dira Nafarroa osoan itzalaldi analogikoa izan zenetik. Eta ordutik Nafarroako ikusleak bi telekomando erabiltzera ohitu behar izan du: bata LTDko kateak ikusteko (tartean Nafarroako Localia-Canal4, Canal6 eta Popular TV), eta bestea ETB1 eta ETB2 ikusteko (ETB3 ezin da ikusi). Xaloa telebista ikusteko ere, telekomando zaharra erabili behar da.

Zalantzaz betetakoa da Nafarroako egoera, ETBren seinale digitalari dagokionez. Eta, nahiz eta Espainia osoan itzalaldia gertatu den, oraindik analogikoan ikusten da ETB. Eta hilabete batzuetan hala izango da.

Aferak aspaldi konpondua behar luke, uztailaren 3an Miguel Sanzek eta Patxi Lopezek egin zuten agerraldia aintzat hartuz gero. ETB1 eta ETB2ren emanaldiak Nafarroara hedatzeko konpromisoa hartu zuten bi gobernuburuek. Hori LTDren multiplex berri baten bidez egingo litzateke.

Urtarrilaren 21ean Espainiako Industria Ministerioak Nafarroarako bigarren multiplexa baimendu zuen. Baina horren ostean, multiplexak duen 1,5 milioi euroko kostuari egin behar zitzaion aurre, eta Nafarroako Gobernuak berretsi zuen ez duela euro bat ere jartzeko asmorik. Opnatel telekomunikazio enpresaren kalkuluen arabera, bestalde, urtean 993.000 euroko inbertsioa egin beharko litzateke seinalearen zabalkunderako, tresneriaren mantentze lanetarako eta energiarako. Eusko Jaurlaritzak gobernu bakoitzak diruaren erdia jartzea proposatu zuen. Nafarroako Gobernuak, aldiz, honako hau erantzun zuen: «Haiek emititu nahi dute Nafarroan. Haiek izango dituzte ikusle gehiago, eta haiek izango dituzte horri esker publizitate merkatu handiago bat eta irabazi gehiago». Horrela justifikatu nahi izan zuten dirurik ez jartzea.

Nafarroa Baiko legebiltzarkide Nekane Perezek gogoratu du aurten Nafarroako Gobernuak milioi bana euro eman diela Canal4, Canal6 eta Popular TVri, «baina ETBrekin beti jartzen dituzte arazoak». «Hasieran arazoa instituzionala zen, gero teknikoa eta orain ekonomikoa da. Borondate kontua da arazoa. Eta argi dago haientzat arazoa euskara dela», salatu du Nafarroa Baiko ordezkariak. Milaka herritarrek, bestetik, sinadura eman dute ETB Nafarroa ikus dadin, Mugarik Gabeko Telebista kanpainaren barruan. Kataluniako alderdi guztiek ekimen horren alde bozkatu dute, baina UPN aurka azaldu da.

Canal4, Canal6, Popular TV

Localia-Canal4, Canal6 eta Popular TV Nafarroako kateek euskarazko saioak ekoitzi beharko lituzkete, «nafar gizartearen parte garrantzitsu baten eskari informatiboak betetzeko». Hala dio kateek eta Nafarroako Ikus-entzunmezko Kontseiluak azaroan sinatu zuten kodeak. Euskarari ez diote tarterik egiten, ordea.

Analogikoan ikusten da Xaloa telebista, baimen digitala lortu bitartean

Euskarazko tokiko kate bakarra dago Nafarroan Ttipi-Ttapa desagertu zenetik: Xaloa telebista. Analogikoki ikusten da Xaloa, LTDa ezarri aurretik egiten zen bezala. Baina proiektuko arduradunen helburua digitalean emititzea da. Aspaldian eskatu dute Madrilen digitalean emititzeko baimena, baina «isiltasuna» da azkeneko asteetan jasotako erantzuna. Hala ere, itxaropena badute azkenean lizentzia digitala lortu eta hemendik hilabete batzuetara digitalean emititzeko aukera izateko.

Advertisements
Explore posts in the same categories: Telebistari Buruzko Gogoeta

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s


%d bloggers like this: